"Hizkuntzak egiten gaitu gu eta guk egiten dugu hizkuntza"
"Ama hizkuntza esaten dugu hizkuntzaz erditzen garelako.
Erditzen esaten dugu amak gu egiten gaituenean guk ere bera egiten
dugulako ama, elkar egitea da erditzea. Antzeko zerbait gertatzen da
hizkuntzarekin ere. Hizkuntzak egiten gaitu gu eta guk egiten dugu
hizkuntza. Elkarren lekuko gara. Elkarri emanez bizi gara. Hizkuntzak
guri eta guk hizkuntzari, arnasa eta izatea.
Ikasten ari denak ematen dio irakasten ari denari zentzua. Irakasten
ari denak ematen dio hiztun zaharrari norabide berri bat. Hiztun
zaharrak eman behar dio ikasten ari denari eskua. Denok eman behar diogu
elkarri euskara.
Euskara da ene ama hizkuntza. Baina ama hizkuntza zer da? Ama
hizkuntza ez da lehenik ikasten den hura, ez da amaren magalean jaso
genuen hura, ama hizkuntza da, enetzat, pentsatzeko baliatzen dugun
hizkuntza. Gure arrazoiak eta irudiak nola fabrikatzen ditugun han dago
gure ama hizkuntza. Eta posible da, bizitzan zehar, euskara ama
hizkuntza bilakatzea, euskaraz pentsatzen ikastea. Bide horretan
zatoztenoi miresmen eta goraintzi, eta norbaitek esaten baldin badizue
zuek euskaldun berriak zaretela, edo euskara ez dela zuen ama hizkuntza,
esaiozue zaharra izatea ez zaiola inori gustatzen, eta bide batez,
esaiozue, ama hizkuntza ez dela lehenik ikasten den hura, pentsamendua
sortzen duen bakoitzaren hizkuntza baizik.
Herri hau ere euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen. Hautatzen
diogun ama hizkuntzaren arabera dago gure herriaren geroa. Erdaraz
mintza araziko gaituztela? Badakigu hori. Herri honek pentsatu beharko
du zerbait erdarari buruz, baina herri hau ezin da pentsatu erdaraz,
herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario