domingo, 21 de julio de 2013

Gure udalen aurkako erasoari, herri erantzuna

Iritzi artikulua: Asier Imaz, Unai Ziarreta, Amaia Agirresarobe, Rebeka Ubera

Hilabete eta proposamen zirriborro askoren ondoren, Udalen Razionalizaziorako Lege Proposamenaren onarpena azken txanpan sartu du Madrilgo Ministro Kontseiluak. Bere edukia oraindik gizartean asko zabaldu ez bada ere, gure herri eta udalerrien egoera goitik behera aldatu eta baldintzatu dezakeen lege proposamena da honako hau, orain artean ezagutu dugun herri eta udalerrien moldea desagertzera bidean kokatuz.


Gure ustez, gaur eguneko marko politiko eta juridikoak ez die herri, kontzeju eta udalerriei behar eta nahi bezala garatzen utzi. Herrialde eta erkidego mailako gainerako instituzioekin eskuduntzen duplizitatea handia izan delako, baliabide ekonomiko eta energia asko bidean galduz. Diru sarreren gabezien aurrean, urteetan hirigintzako operazioak izan dira udalen diru iturri nagusiak, ondorio larriak sortuz. Hitz gutxitan esateko, udalerrietatik abiatutako herri eredu bat garatzeko aukerarik ematen ez duelako. Horregatik, Euskal Herria Bildu osatzen dugun alderdiok, bakoitzak bere aldetik ere, azken urteetan egoera honi aurre egin eta herritarrek protagonismo nagusia izango duten udal lege propioen aldarrikapenean aritu gara.

Lege Proposamen honen onarpenarekin beste urrats bat emateko oinarriak jarri ditu Rajoyren gobernuak. Helburu argiak dituena: Egitura instituzional guztia, gehien dutenen interesei irekitzea eta era berean boterea Madrilen zentralizatzea.

Arreta desbideratzeko asmoarekin alkateen soldatetan eta liberatuen udaletako kargu liberatuen kopuruetan kokatu nahi izan dute eztabaida. Egia da, aipatutako atal hauetan urratsak eman behar direla, (Euskal Herria Bildutik beti defendatu dugu gehiegizko soldatzen jaitsiera eta udal politikaren gehiegizko "profesionalizazioarekin" amaitzea) udalak ezin direlako inor aberasteko edo karguan iraunkorki geratzeko eremu bilakatu. Baina lege honen benetako asmoa ez da hori: 20.000 biztanlez beheko udalerriak erabat baldintzatzen ditu. 5.000 tik beherakoak, praktikan interbenituak eta desagertzeko zorian kokatzen ditu eta azkenik Udalerriz azpiko tokiko entitateak, alegia, kontzejuak, herriak... desagerrarazi egiten ditu.

Estatuak Aurrekontuaren Egonkortasunaren Legearen pean jartzen ditu Toki Entitateak, orain artean izan duten autonomia gutxia ere erabat mugatuaz. Honen arabera, egonkortasunaren izenean, Madrilen menpe jartzen dira instituzio guztietako diru kontu denak. Toki entitateetako milaka langileren lanpostu eta lan baldintzak ere kinka larrian jarriz eta herritarrengandik gertuen dagoen instituzioak eskaintzen dituen zerbitzu publikoak deuseztatuz.

Udalen arteko mankomunatzeko ahalmena ere erabat mugatua uzten du lege honek. Mankomunitate, Partzuergo, Koadrila eta gainerakoen etorkizuna erabat baldintzatuta geratuz.

Madriletik zehazten diren eskumenak izango dira soilik udaletan garatu eta finantzatu ahalko direnak. Aldundiak eta kasu batzuetan Erkidegoko administrazioak izango dituzte, gaur egunean udalek garatu ahal ditzaketen hainbat gai, udalen eskumen zenbait desagertzen direlarik. Berriro ere, administrazioaren doitzearen aitzakian herritarrengandik gertuen dagoen instituzioa eta zerbitzuak aukerarik gabe utziaz.

Legeak egin duen aurre ibilbidean, zirriborro anitz izan dira, interes anitz josten saiatu direlako. Duela egun gutxi batzuk, Estatu Kontseiluak berak ere gogor zigortu du Lege zirriborroa eta atal nagusietan bere Konstituzionalitatea ere zalantzan jartzen zuen. Dena alperrik. Erabakia hartuta dago eta aurrera darraite. Sektore estrategikoak enpresa handien eskuetan uztea eta estatuko botere instituzionala Madrildik lotzea delako helburua.

Beste behin ere, Madriletik beren interesen neurrira egindako Lege honek, Hego Euskal Herrian egitura instituzionala eta administrazioa antolatzeko dauden eskumenak ere gainetik pasatzeko asmoa du. Gipuzkoa, Bizkaia, Araba zein Nafarroan, Toki Entitateak eta herrialde mailako instituzioen arteko harremanak arautzen dituen ahalmen araugile berezia aipatzen baldin bada ere, honekiko errespeturik izango duen, oso zalantzan dago.

Honen guztiaren jakitun, azken hilabeteetan ekimen instituzional ugari aurkeztu eta defendatu ditugu EH Bildutik. Udalgintza egiteko eredu batekin bukatu nahi duen inposizio honen aurrean harresi bat eraikitzea ezinbestekoa ikusten dugu. Alderdiek, sindikatuek, instituzioek, herri eragileek eta noski, herritarrek osatuko duten harresia. Harreman ugari egin ditugu eragile guzti hauekin. Gure diagnosia konpartitu dugu eta bakoitzak bere berezitasunak izanda ere, eskuartean ditugun baliabide politiko eta sozial guztiekin Lege honi aurre egin beharra ondorio oso argia izan da.

Norabide horretan, Hego Euskal Herriko udal gehienek, Batzar Nagusiek eta Iruñea zein Gasteizko Legebiltzarrek Lege hau atzera botatzeko eskatua dute jada. Mota desberdinetako, mozio eta adierazpen instituzionalak onartu dira. Guztiak helburu nagusi batekin: Lege hau atzera bota dadila eta gure herritarren zein instituzioen borondatea errespetatuz, hemen ez dadila inposatu.

Behin Rajoyren gobernuak Lege proiektu gisa onartzen duenean (eta epe laburrean izango dela dirudi), hurrengo urratsa kongresu eta senaturakoa du. Hilabete gutxi batzuk iraungo duena eta eremu horretan PP-ren gehiengoa absolutua tarteko, aurrera egiteko oztopo formalik izango ez duena. Horregatik, guk, Euskal Herriko indar politiko, sindikal, toki erakunde, herrialde eta erkidego instituzio, herri eragile eta herritarrek, bat egin eta herri bezala inposizio honi aurre egiteko garaia dela uste dugu. Gure herrian Lege hau inposatu ez dadin eta guk gure beharren araberako egituraketa instituzionala eraiki dezagun. Kanpotik inposatuta datorrenari aurre egin eta gurea sortzeko oinarrizko akordioak lortu. Hori da bidea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario