Urte berri guztiek bezala, ate joka dugun 2014. urtea ere promesaz beterik dator. Egutegiak aurrera egin ahala, urteak iragartzen dituen aukera berezi horiek aldaketa sakonak sortzeko gai diren egiaztatzeko -edo gezurtatzeko- aukera izango dugu.
Berri usaina duen egutegian, edonola ere, gorriz marrazturiko egun bi agertzen dira: irailaren 18an, eskoziarrek, estatu independente bat osatu nahi duten ala ez erabakitzeko aukera izango dute. Azaroaren 9an, berriz, kataluniarrek beste hainbeste egin nahiko lukete.
Irailaren 18an gauzatuko den kontsultan baiezkoa edo ezezkoa gailendu arren, dagoeneko ziurtzat eman daiteke Eskozia eta Britainia Handiaren arteko harremana oso bestelakoa izango dela etorkizunean.
Era berean, Europar Batasunean aldaketa handiak ekar ditzake aipatutako prozesuak. Izan ere, iraganean izan duen jokabide itxiari bizkarra emanez, Bruselak estaturik gabeko nazioekiko izan beharreko harreman berria sortzeko duen beharra gero eta nabarmenagoa da. "Barneko zabalkunde"ari buruzko jokabide uzkurra albo batera utzita, Europar Batasunaren mugen baitan ematen den errealitatearen inguruko irakurketa egokia egin ezean, Bruselak duen sinesgarritasun krisia areagotzeko aukerak handiak baititu.
Lege edo tratatuen gaineko eztabaida teknikotik harago, gaur egun laino beltzez inguraturik agertzen den Europar Batasunak erantzun politiko egokia bilatu beharko du, 2014ko irailaren 18ko hitzordu demokratikoak zabalduko duen egoera berriari aurre egiteko.
Autodeterminazioa, independentzia, sezesioa, estatu zentralista zein federazioen zatiketak... Prozesu horiek guztiak babestu, hauspotu eta txalotzeko aparteko arazorik ez du izan Europar Batasunak, haien eskubideen jabe izateko nahikeria agertzen zuten herriak aitzineko bloke sozialistaren baitan kokatzen ziren bitartean. Izan ere, aldaketa haizeak mendebaldeko nazioetan ufatzen duen honetan Bruselako agenda politikoan bete-betean sartu da erabakitzeko eskubidea. Ostrukaren keinuak ez du, egoera horretan, inolako eraginkortasunik.
Eskoziako erreferendumak nahitaez itzal handia izango du Europako Parlamentua berritzeko hauteskundeetan. Ezker eraldatzailearen ikuspuntutik bestelako Europa aldarrikatzen duten alderdientzat aukera paregabea suposatu behar ko luke hauteskunde horiek demokraziaren muinari dagokion eztabaida horretan proposamen ausartak egiteko.
Historikoki ezker jakobinoak bestelako eskemen arabera jokatu badu ere, herritar eta herrien eskubideak banaezinak dira. Zentzu horretan, Europako eraikuntza prozesua errotik aldatzeko beharra defendatzen duten guztiek Eskozian eta Katalunian abian diren prozesuak, demokrazia birsortzeko aukera bezala hartu beharko lituzkete. Amildegiaren diskurtsoa elikatu beharrean, eztabaida lasaiaren aldeko hautua egin behar lukete hamarkada luzetan Europa, eskubide eta askatasunen eredutzat defendatu duten horiek guztiek.
Eskoziaz gain, muga aldaezinen mitoa zein hauskorra den frogatzeko prest dugu, Europako bihotzean, Flandria ere. Europako Parlamenturako hauteskundeekin batera Flandriako herritarrek tokiko zein federazioko ordezkariak aukeratuko dituzte heldu den maiatzean.
Inkestek asmatuko balute, hauteskunde horietan N-VA alderdiak garaipen historikoa lor dezake eta, nola ez, emaitza horrek erregaia sar diezaioke flandiar prozesu independentistaren motorrari ere. N-VAk trantsiziorako eskema mahaigainean jarri du: estatu konfederala. Gauzak horrela, hauteskunde ostean, gobernu osatzeko negoziaketa korapilatsuekin batera, estatu erreformari buruzko eztabaidak protagonismo handia hartuko du.
Scottish Highlands-etik hasi, eta Europa erdialdeko lurraldetan igaro ondoren, Mediterranioko itsasertzeraino helduko da 2014an erabakitzeko eskubidearen aldeko olatua.
Parlament-eko lau alderdien oniritziarekin, hau da gehiengo zabal batekin, kontsultarako galdera eta eguna iragarri zuten urte ondarrean Katalunian. 2014 ko azaroaren 9an da hitzordua.
Eskoziaren eta Kataluniaren arteko desberdintasunak anitzak dira. Baina oinarrizkoena den desberdintasuna, bi herrialde horiek abiatu dituzten prozesuen aurrean estatuek hartu duten jarrera politikoan datza.
David Cameronek ez du eskoziarren botoa galarazteko hauturik egin. Mariano Raxoik, ordea, bere eskuetan dagoen guztia egingo du kataluniarrek nahi duten kontsulta ekidin ahal izateko. Hastapenetik oso bestelako jarrera adierazi dute oinarrizko eskubide demokratiko baten aitzinean London eta Madrilgo gobernuek. Nahiz eta Raxoik eta Cameronek helburua berbera duten ere: Katalunia eta Eskozia "jatorrizko estatuari" lotuak mantentzea.
Europa borroka eremua izan da askapen nazionala eta eraldaketa soziala bilatzen duten mugimenduentzat, eta aurrerantzean ere horrela izango da. Bi helburu horiek lortzeko helburuarekin eutsiko diote Euskal Herriko ezkertiar eta abertzaleek heldu den Maiatzaren 25ko hitzorduari.
Euskal Herrian abian den prozesu politikoaren bilakaeran ere, urte garrantzitsua izanen da 2014a. Gure herriak martxan jarri duen aldaketa politikoa aurrera eramateko era askotako urratsak, proposamenak eta akordioak bultzatu beharko dira, erakundeetan ez ezik gizartean ere.
Herri aktibazioa inoiz baino beharrezkoagoa izango da 2014an zein ondoko urtetan ere. Lehenik eta behin gatazkak utzitako ondorioei erantzuteko, baina bereziki Europaren zein nazioarteko eremuaren aurrean mezu argia pasatzeko: Euskal Herriak, bere ezaugarri propioak eta bere herritarren asmoak aintzat hartuko dituen erabakitzeko prozesu demokratikoa burutzeko borondate osoa duela. Feroe, Groenlandia, Flandria, Eskozia edo Kataluniako herriek egin/eginen duten bezala, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakiko du.
x MAITE UBIRIA (SORTU)
x MAITE UBIRIA (SORTU)
No hay comentarios:
Publicar un comentario