viernes, 24 de enero de 2014

Espainiartzeko bideari ekin dio

Garikoitz Goikoetxea

Curriculum berria egin du Wert ministroak: berdintasunari buruzko eduki asko kenduta, Espainiaren goraipamenez bete du arau osoa.
Erkidegoek osa dezakete curriculuma, baina Madrilena soilik sartuko dute azken proban.
Eskumenak beretzat hartzea izan zen lehen urratsa: Espainiako Gobernuak zehaztuko du enborreko ikasgaien curriculum oso-osoa. Bigarren pausoa ere jadanik prest du Jose Ignacio Wert ministroak: curriculum dekretuak amaitu ditu. Liburuak-eta eduki horien arabera egin beharko dituzte. Aldaketa nabarmenak daude oraingo edukien aldean. Oso-oso zehaztasun handiko curriculuma egin du Wert ministroak —mila orri pasa ditu; gaur egungoak, 260 inguru—, eta malgutasun gutxikoa: ikasleek zer ariketa egin behar dituzten ere zehaztu du Madrilgo gobernuak. Espainia du ardatz curriculum berriak, eta berebiziko garrantzia izango du sistema politikoaren funtzionamendua ezagutzeak. Berdintasunari eta halako gaiei buruzko edukiak, berriz, ia desagertu dira ikasgai zerrendan. Aipamen bakan batzuk soilik ditu.
Presaka ari da Werten ministerioa. Uste baino gehiago atzeratu zitzaion LOMCE legea onartzeko prozesua, eta epeak betetzeko arazoak ditu orain. Jendaurrean jarri ditu curriculum berrirako dekretu zirriborroak —opor garaia erabili du berriro ere—; atzo amaitu zen zuzenketak eskatzeko epea. Beste hiru pauso falta dira orain: zuzenketak aztertu, eta, beharko balitz, testuak moldatzea; erkidegoei curriculuma aurkeztea, bilera batean; eta Espainiako Eskola Kontseilutik igarotzea. Martxorako dekretuak kaleratzeko asmoa zuen Wertek, baina kolokan dago hori. Ministerioko iturriek diote ezin dela eperik zehaztu oraingoz.
Kontuan hartu behar da, legearen arabera, irailean hasi beharko luketela eredu berriarekin lehen hezkuntzan. Liburuek egon beharko lukete ordurako. Denboraz oso estu ibiliko dira argitaletxeak.
Europako ildotik urrunduta
Erreformarekin egindako jokaldia errepikatu Wertek: aurreko ikasgai zerrenda hartu du oinarri gisara, baina gai mamitsuenak aldatu ditu. Adibidez: oraingo curriculumak dio lehen hezkuntzaren xedea dela ikasleen «garapen pertsonala eta ongizatea sendotzea»; Wertenean, lehen hezkuntzaren helburua da ikaslea prestatzea bigarren hezkuntzarako, eta ikasi beharreko edukien lista bat dakar.
Edukiak ez, gaitasunak lehenetsi behar direla esana du Europako Batasunak. Jakite hutsak ez, egiten jakiteak duela garrantzia. Werten curriculumean, jakiteak du lehentasuna oraindik ere. Hitzaurrean dio: gaitasunetan heztea bultzatuko da, baina «edukiak ikastearen osagarri gisa» betiere.

Tokiko edukirik gabe

Bide horretan, lehen hezkuntzan ageri da aldaketa esanguratsuenetako bat. Gaur egungo curriculumean, ikasgai batean bildurik dago inguruaren ezagutza, ikuspegi osoarekin heltzeko asmoarekin; Natura, Gizarte eta Kultura Ingurunearen Ezaguera izeneko ikasgaia da. Ikasleak lehenbizi hurbilekoa ikastea da curriculumaren proposamena, eta erkidegoei eta eskolei askatasuna eman die horrek, bertako edukiak ere txertatzeko ikasgaietan. Wertek bukatuko du hori. Behin eta berriro esan du Espainian curriculum «homogeneoagoa» behar dela, «eta ez erkidego bakoitzak berea».
Ikasgai hori hautsi egingo dute. Batetik, sistema klasikora itzuliz. Bi ikasgai izango dira: Natur Zientziak eta Gizarte Zientziak. Bestetik, edukiak zentralizatuz. Espainia izango da giltzarri. Antolaketa politikoari buruzko edukietan, adibidez, orain ikaslearen hurbilekoak lantzen dira lehenbiziko —udala, adibidez—, eta Espainiakoaren berri ondoren ematen dute —autonomien eredua eta erakunde nagusiak—. Amaitu da hori. Gai zerrenda luzea ikasi beharko dute ikasleek Espainiako antolaketa politikoaz: konstituzioa, botere banaketa, estatutuak, erregea, Auzitegi Konstituzionala eta Gorena, Espainiako sinboloak… Guztia, 12 urte betetzerako.
Historian ere, joera bera. Orain arte, pertsonaia eta gertakari garrantzitsuenak ikasi beharra ageri zen curriculumean. Aurrerantzean, oso zerrenda luzea izango dute: Al Andalus, Errege-Erregina Katolikoak, Karlos I.a, Felipe II.a, Independentzia Gerra, Cadizko Konstituzioa, Kubako Gerra… Guztia, lehen hezkuntzan bertan.
Deigarri da gertaera historiko batzuei emaniko trataera. Curriculumaren hitzaurreak dio Holokaustoa irakatsi behar dela, giza eskubideak lantzean. Frankismoari buruzko erreferentziarik ez dago, nahiz eta gertuagokoa izan. Are, lehen hezkuntzan, frankismoaren partez, «1939tik 1975era arteko gertakari historikoak» aipatu dituzte. 1512koa «Nafarroaren inkorporazio» gisara ageri da.

Erkidegoak, eskuak lotuta

Euskal Herritik erreparatuta, curriculumetik kanpo geratuko dira gai esanguratsu ugari. Foruak eta haien galera ez dira aipatzen. Hauek dira Hegoaldeari zuzenean egindako erreferentziak: Nafarroako Erresuma eta haren «inkorporazioa», euskal nazionalismoa —beste batzuen artean—, autonomia estatutua, eta euskal eskultura —batxilergoko hautazko batean, Oteiza, Txillida eta Ibarrolaren lana ageri da listan—.
Curriculuma bertikaltzea ekarri du LOMCEk. Orain, Gasteizko eta Iruñeko gobernuek aukera dute edukiak osatzeko —Madrilek aukera ematen zuen, curriculum malgua eginez—. Eskuak lotuta dituzte orain. Madrilek ezarriko ditu ikasgai nagusiak. Erkidegoek teorian osatu ahalko dituzte; praktikan, apenas izango duten lekurik, eta amaierako azterketetan ez dira sartuko haien edukiak.
Jaurlaritzak Heziberri 2020 plana abiatu du. Curriculum dekretuak egiteko asmoa du. Ibilbide motza dute, oraingoz behintzat. Amaierako azterketak bihurtuko dira giltzarri eredu berriarekin: irakats-aldi bakoitzeko amaierako azterketek kontrolatuko dute edukiak irakasten dituztela ikastetxeetan. Ministerioko iturriek atea erabat itxita daukate: «Administrazio zentralak ezarritakotik aparte erkidegoek emandako edukiak ez dira sartuko azterketan». Espainia osoan proba berberak izango dira, eta ministerioak berak ezarriko du azterketa. Madrilek hain eduki zehatzak jarrita eta azterketan sartuta, nahiko lan izango dute besteak emateko.
Kanpoan geratuko dira gai ugari. Berdintasunarekin lotutakoak kendu ditu PPren gobernuak. Gobernu sozialistak ahalegin berezia egin zuen gaitegian sartzeko emakumeen eskubideak, sexismoa, diskriminazioa eta horrelako auziak. Oraingoak, hitzaurrean aipamen batekin utzi du emakumeen eskubideen gaia. Sexu heziketari ere zeresan gutxiago emango dio. Drogek eta babesik gabeko sexu harremanek osasunari egin diezaioketen kalteez ari da oraingo gaitegia; aurrerantzean, drogak soilik aipatuko dituzte.

Curriculumean egindako aldaketa batzuk

KENDUTAKO EDUKIAK
• Lan banaketa. «Familia. Kideen arteko harremanak. Etxeko lanen banaketa orekatua eta erantzukizunak hartzea».
• Estereotipoak. «Lanbideak ezagutzen ditu, estereotipo sexistak baztertuz».
• Eskubideak. «Emakumeen eskubideen konkista eta egoera gaur egungo munduan. Lan eskubideak, eta lan bizitza eta familiakoa uztartzea».
• Diskriminazioa. «Diskriminazioaren faktoreak ezagutzea. Emakumeen eskubideen historiako mugarri nagusiak ezagutzea. Emakumeen aurkako edozein diskriminazio edo indarkeria baztertzea».
• Hizkuntza. «Hizkuntzen erabilera ezberdinak aztertzea, saihestu ahal izateko balio judizioak, eta aurreiritzi klasista, arrazista edo sexistak dituzten estereotipo linguistikoak».
• Sexu heziketa. «Ikasleak osasunarentzat kaltegarri gisa ikustea elikadura nahasmenduak edo tabakoaren, alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoa, baita babesik gabeko sexu harremanek dakartzaten arriskuak ere».
TXERTATUTAKO EDUKIAK
• Konstituzioa. «Konstituzioan ezarritako printzipio demokratiko inportanteenak identifikatzen ditu».
• Konstituzioa. «Konstituzioari buruzko informazioa eta dokumentazioa bilatu, lan bat egin, eta eskolan azaltzen du».
• Konstituzioa. «Espainiako Konstituzioan jasotako eskubide eta askatasunak errespetatzen ditu, gizartearen funtzionamendu onerako oinarri gisa».
• Erregea. «Erregearen figura ezagutzen du, eta estatuburu gisa dituen funtzioak ere bai, eta azaltzen du nolakoa den erregearen ordezkapena».
• Instituzioak. «Espainiako instituzio nagusiak identifikatzen ditu, eta haien funtzioak eta antolaketa deskribatzen ditu».
• Bandera. «Espainiako bandera eta armarria deskribatzen ditu, eta Espainiako Estatuaren sinbolo gisara ezagutzen ditu».
• Gizartea. «Espainiako gaur egungo gizartearen ezaugarriak deskribatzen ditu, eta haren izaera demokratikoa eta plurala balioesten du».

Galderak eta galtzaileak

Irailean abiatuko dituzte erreformaren lehen neurriak ikastetxeetan, lehen hezkuntzan. Epeak oso estuak dira, ordea. Galdera ugari argitzeko dago oraindik. Diru kontuak eta auzitegikoak, esaterako.
Indarrean dago, atzotik, hezkuntza erreforma. Datorren ikasturtean hasi beharko luke eragina izaten, berez, baina Espainiako Gobernuak berak aitortu du zaila izango dela. Zinez estuak dira epeak. Eragin handiena 2017rako iritsiko da, izatekotan ere: orduan hasiko dira martxan irakats-aldi amaierako probak. Mehatxupean egingo du bide hori legeak, nolanahi ere. Auzitegiena bat, ziurra baita erkidego batzuek Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko dutela. Diruarena bestea, nork eta nola pagatuko duen ez baitago erabat argi. Eta parlamentuarena azkena, oposizioak iragarria baitu legea atzera botako duela PPk gehiengoa galtzean.
Noiz ezarriko dute?
Legean zehaztutako egutegiaren arabera, irailean hasiko dira aldaketak, lehen hezkuntzan. Lehen, hirugarren eta bosgarren mailetan hasiko dute eredu berria; ikasle horiek erreformaren araberako bidea egingo dute hortik aurrera. Lehen hezkuntza osoa eredu berrira egokituko da 2015-16ko ikasturterako. DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan orduan hasiko dute eredu berria lehen eta hirugarren mailan, eta 2016-17an zabalduko da. Batxilergoan ere bai.
Amaierako probak noiz?
Irakats-aldi bakoitza bukatzean proba bat jarriko diete ikasleei. Lehen hezkuntzan, hiru alor aztertuko dituzte: hizkuntzak, matematika, eta zientzia eta teknologia. Ez dute zenbakizko notarik jarriko, eta ez du zehaztuko errepikatu beharko den edo ez. 2016ko ekainean izango da lehen proba.
2017ko ekainean hasiko dira azterketa horiek egiten DBHn eta batxilergoan. Titulua lortzeko, proba hori gainditzea ezinbesteko izango da, eta batez besteko notan eragina izango du. DBHn, irakasleen kalifikazioak zehaztuko du notaren %70, eta amaierako probak, %30; batxilergoan, %60 eskolan jasotako notak, eta %40 azken azterketakoak —orain horrela da selektibitatean—. Proba gainditzen ez dutenek ez dute titulurik jasoko; egindako ikasketei buruzko ziurtagiri bat helaraziko diete.
Errepikatu beharko da?
Ikasgai kopuru zehatz bat gainditzen ez bada, bai. Lehen hezkuntzan ez dute gutxienekorik zehaztu, baina azaldu dute «salbuespenekoa» izan behar duela errepikatzeak. DBHn baldintzak gogortu dituzte: hiru suspentsorekin errepikatu egin beharko da maila, eta birekin ere bai, baldin eta gainditu gabeko bi horiek Euskara, Gaztelania edo Matematika badira —orain, bi ikasgai badira, ez dio axola zein diren—. Batxilergoan, hiru suspentsorekin errepikatu beharko da maila. Ikasgai guztiak gainditu beharko dira amaierako azterketa egiteko; DBHn, asko jota bi suspentso eduki ahalko dira.
Zein ikasgai dira nagusi?
Erkidegoek eta ikastetxeek autonomia handiagoa izango dutela nabarmendu du behin eta berriz Jose Ignacio Wert ministroak, aukera izango dutelako ikasgai batzuk eman edo ez erabakitzeko. Zeresan handiko ikasgaiak erabat ezarrita etorriko dira, halere. Enborreko ikasgaiek izango dute pisu handiena. Lehen hezkuntza amaitzean egingo duten proban, adibidez, hiru adar soilik sartuko dira azterketan: hizkuntzak, matematika, eta zientzia eta teknologia. DBHn eta batxilergoan, soilik ikasleak nahitaez egin behar dituen ikasgaiak hartuko dira kontuan errepikatu edo ez zehazteko —batez bestekoak egiteko balioko dute gainerakoek ere—.
Eta zein dira ‘galtzaile’?
Ikasgai batzuen pisua nabarmen ahulduko du LOMCEk. Musikarena, arte plastikoena eta teknologiarena, adibidez. Ikasgai espezifiko izango dira, eta ikasleek ez dituzte nahitaez eman beharko. Erkidegoak eta eskolak zehaztuko dute zer nolako pisua eman. Filosofiak zeresan gutxiago izango du. Batxilergoko bi mailetan ematen dute gaur egun; aurrerantzean, ordea, lehen mailan bakarrik.
Ikasgai batzuk desagertu egingo dira: Herritartasunerako Hezkuntza, Etika, Mundu Garaikiderako Zientziak… Wertek esana du ikasleak «distraitu» egiten direla ikasgai horiekin, eta denbora kentzen gai dietela «garrantzitsuei».
Zer tratu du erlijioak?
Gaur egun baino pisu handiagoa izango du. Erlijioko edo haren ordezko ikasgaiko nota ez dute aintzat hartzen unibertsitatean sartzeko nota zehazteko edo beka jasotzeko; aurrerantzean, bai. Ez du izango beste ikasgai batzuek adinako zeresanik —amaierako azterketetan ez da sartuko, eta, beraz, eskolaren esku dagoen %60-70 horretan soilik nabarituko da—, baina beste gai batzuek baino pisu handiagoa izango du aurrerantzean, errepikatu edo ez zehazteko balioko baitu —musika, teknologia eta beste alor batzuek, ez—.
Ikasgai polemikorik?
Herritartasunerako Hezkuntzaren aurka gogor aritu da urteetan PP. Hura kentzea izan zuen lehen egitekoa Wertek, eta beste bat egitea. Lehen hezkuntzan, Balio Sozial eta Zibikoak izango da ikasgaia; DBHn, Balio Etikoak. Giza eskubideei eta pentsamenduari lotutako edukiak dira nagusi. Gobernuak asmoa agertua du ETAren indarkeria ikasgai horretan lantzeko, biktimen talde batzuekin edukiak adostuta. Erlijioa aukeratzen ez dutenek —gehiengoa dira Hegoaldean— derrigor eman beharko dute ikasgai hori; erlijioa ematen dutenek ere izango dute aukera hautazko gisara hartzeko.
Lanbide heziketa berria?
DBHn komerietan dabiltzan ikasleei lanbide hastapeneko programak eskaintzen dizkiete. Aurrerantzean, oinarrizko lanbide heziketara joango dira. 15 urte izatea da baldintza. Ez diete DBHko titulua emango zuzenean: amaierako azterketa egin beharko dute, eta gaindituz gero jasoko dute titulua —ez dituzte DBHko edukiak ikasiko, ordea—. Lanbide gaitasunaren titulu bat jasoko dute, eta erdi mailako lanbide heziketara jo ahalko dute oinarrizkoa gainditzean. Bi edo hiru ikasturtekoa izango da heziketa hori —errepikapenekin, gehienez bost urte—.

No hay comentarios:

Publicar un comentario