Gauzei begiratzeko modu ezberdinak daude. Baita gauza horiei barik, beste aldera begiratzeko aukera ere. Katalunia eta Euskal Herriaz ari garenean, Espainiako erreinuan askok bigarren aukera hori lehenesten dute.
Joan den asteburuan, Terrassako eliza batean, berrogeita hamar urteko emakume batek Pere Navarro PSCko idazkari nagusia jo omen zuen. PSOEk berehala probestu zuen ustezko eraso hura Kataluniako prozesu subiranistaren aurka jotzeko.
Hauteskunde aurre kanpainan gauden honetan, gainontzeko espainiar alderdi politikoek ere etekina atera nahi izan diote ustezko gertaera horri, eta bide batez, Kataluniako prozesu subiranista kriminalizatu. Horrela, Espainiako ordezkari politiko zenbaitzuek, azken egun hauetan Katalunian gorroto begiradak sentitu omen dituztela adierazi dute. Krispazioa eta zatiketa iritsi omen da Kataluniako gizartera, indarkeri zantzuak agertzeraino. Horren adibide, ezezagun batek faxista deitu izana barne ministroari Bartzelonako Las Ramblas famatuetan. Hala dio behintzat, berak. Nola ez. Espainiako komunikabideek oihartzuna eman nahi izan diete ustezko gertaera horiei.
Bien bitartean, faxista batzuek Sabino Cuadra diputatua jipoitzen ahalegindu ziren Jaen, Granada eta Sevillan. "Arrojado a los leones" bere liburuaren aurkezpen ekitaldien kontra Alderdi Popularrak, UPyDk eta VOX alderdi eskuindarrek abiarazitako kanpaina bortitzaren ondotik etorri ziren gure kidearen aurkako
mehatxu eta erasoak.
Hala ere, Pere Navarro jaunaren eta Jorge Fernandez Diaz jaunen kasuan ez bezala, espainiar ordezkari politikoek zein komunikabideek ez dute deus esan Cuadra jipoitzeko ahaleginaz. Beste alde batera begiratu dute horiek guztiek.
Bestetik, Guardia Zibilak Zintronikoko ikastetxe publiko batean sei, zazpi eta zortzi urteko haurrei egindako armen erabilerari buruzko erakustaldiaz galdetu zion Xabier Mikel Errekondok Mariano Rajoyri. Besteak beste, haur horiei La Salve eta Intxaurrondoko sotoak ere erakutsiko ote zizkieten galdetu zion Amaiurreko diputatuak. Edo eta, "Billy el Niñoren" teknikak ere erakutsiko ote zizkieten haur horiei. Atxilotuen barrabiletan elektrodoak nola erabili eta atxilotuei baginatik burdin makilak nola sartu ere irakatsiko ote zieten galdetu zion gure kideak Espainiako presidenteari. Eta honek, gure galderari erantzun beharrean ekimen haren (Guardia Zibilarenaz) balio pedagokioa nabarmendu zuen. Beste aldera begiratu zuen honek ere.
Jakin dugun bestea ere bai, ustez ETAren biktimak iraintzearen akusaziopean 21 gazte atxilotu dituela espainiar poliziak. Horietako hamabost Euskal Herrian. Espainiako komunikabideek oihartzun handia eman zioten operazio horri. Eta asteazkenean jakin genuen "Billy el Niño" Argentinara estraditatzeari uko egin ziola Espainiako Audientzia Nazionalak. 1970eko hamarkadan egin omen zituen ustezko dozenaka tortura saioak preskribaturik omen daude. Berriz ere, torturaren biktimei iseka egin die Espainiako justiziak. Eskandalagarria benetan. Aurreko kasuarekin ez bezala, komunikabideek ez diote aparteko oihartzunik eman erabaki mingarri horri.
Nola ez, Espainiako justiziak eta komunikabideek, orain ere, beste aldera begiratu dute.
x EH Bildu
No hay comentarios:
Publicar un comentario