lunes, 1 de diciembre de 2014

LOMCEri elkarlanean aurre egiteko lansaioa antolatu du Hezkuntza Plataformen Topaguneak

guregida_lansaioa_durangoAbenduaren 6an Durangon egingo da LOMCEri aurre egiteko lansaioa. Bertan, “Gure gida” modu praktikoan landu eta LOMCEri aurre egiteko neurri zehatzen inguruan eztabaidatuko dute. Geroz eta gehiago dira beste hezkuntza eredu baten alde lanean ari diren plataformak eta Durango egingo duten hau lan horretan beste pausu bat izatea nahi dute. 10:30etan jarri dute hitzordua Durango Azokaren baitan eta herritarrak bertan parte hartzera deitu dituzte.

 Hezkuntza Plataformen Topagunearen oharra:

-“Gure Gida” bezalako tresnak erabiliz LOMCEri aurre egingo diogu

 -Hezkuntza komunitate guztiarekin lansaio praktikoa egingo dugu


Ez gara nekatzen esateaz. Martxoaren 4an esan genuen eta berriz diogu: gure auzo, herri eta eskualde ezberdinetako eskola komunitateko kideak gara:

-Ikasleak gara.
-Irakasle eta hezitzaileak gara.
-Guraso eta familiak gara.
-Herritarrak gara.


Eta gainera:

-Inposaketa ororen kontra gaude.
-LOMCE ez aplikatzeko konpromisoa dugu.
-Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema Propioaren alde lanean ari gara.



Bide horretan asko handitu gara azken hilabeteetan. Hezkuntza bilgune gutxi batzuk ginenak dozenaka plataforma gara orain. Eta askoz gehiago izaten jarraituko dugu. Gure asmoa Euskal Herriko hezigune, auzo, herri eta eskualde guztietan Hezkuntza Plataformen Topagunea egotea da.

Eta erreferentea izatea lortu dugu, hezkuntza borrokaren erreferentea. Horren adibide da iragan urriaren 11n izan genuen parte hartze zabala. Benetan ilusioz beteriko eguna izan zen. Gure txikitasunetik LOMCEren kontra eta bestelako hezkuntza eredu baten alde gaudenak asko eta asko garela erakutsi genuen.

Dinamika gehiago eskuartean baditugu ere, gaurkoan, erronka berri batekin gatoz: LOMCEri aurre egiteko prest gaude.

NOLA?

Hainbat hezkuntza eragilek kaleratutako ‘Gure Gida’ bezalako tresnak gure egin eta maila praktikoan lantzen hasiko gara. Bururaino gauzatuko ditugu. Horretarako, lansaio praktiko baten LOMCEri aurre egiteko neurri zehatzen inguruan eztabaidatuko dugu.

3. mailako ebaluazioa, ‘Balio zibiko eta sozialak’ eta ‘Ingurune’ ikasgaiak, eskola kontseilu demokratikoak, ikas-materiala… izango dira landuko ditugun gai zehatzak. Helburua, hurrengo egunean gure hezigunera joan eta LOMCEri aurre nola egin jakitea da.

NOIZ?

Abenduaren 6an. Gure hezkuntza sistema izateko aukerari kateak jartzen dizkion Espainiar Konstituzioaren egunean. Ezer ospatzeko ez dugula esateaz gain, inposatu nahi diguten lege arrotzari aurre egingo diogula erakutsiko dugu.

NON?

Durangon batuko gara. Euskal kulturaren topagunea den Durangoko Azoka dela baliatuz, bertako hezigune baten (aurrerago zehaztuko dugu zein) elkartu eta eztabaidatuko dugu.

Beraz, batu gintuen ilusio eta konpromiso berdinarekin aurrera jarraitzeko asmoarekin eta gero eta gehiago izatearen determinazioarekin, gure bidean jarraituko dugu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario