lunes, 26 de enero de 2015

Grezia, aldaketaren ataria

Atzo Grezian aldaketaren hasiera ikusi genuen. Herri bat bere burujabetasuna berreskuratzen ikusi genuen.

Syrizak oso garaipen garrantzitsua lortu zuen, Mehatxuen eta injerentzien gainetik Greziako herritarrek aldaketa sozialaren aldeko bozka eman zuten. Atzoko garaipena, herriaren garaipena da, troikaren eta austeritate politiken bultzatzaileen gaineko garaipena.

Burujabetzaren eta duintasunaren garaipena izan zen atzokoa. Herrien eta herritarren kontrako neurri ekonomikoak bultzatu eta inposatu dituztenen porrota izan zen atzokoa, Europarentzako eredu ekonomiko neoliberalaren porrota. Baina, Syrizak aurretik daukan erronka ez da nolanahikoa, gobernua osatzeko gehiengoa lortu du ANEL alderdiarekin, baina urteetako austeritate politikei eta hauen ondorioei aurre egin beharko diete.



Bide horretan asko izango dira trabak eta erasoak, baina kanpainan ikusi dugun moduan, Syrizak eta herri grekoak badute erronka horri erantzuteko grina eta indarra.

Syrizak Grezian martxan jarriko duen programa oso oinarrizkoa da, larrialdi egoera bati erantzuteko programa da, baina Grezian bizi den egoeraren aurrean, guztiz iraultzailea da. Izan ere, egun Grezian inork ez dezala hotzik edo goserik izan, herritarron ongizatea lehenetsiko duen kudeaketa publikoa burutzea, bidegabeko zor publikoaren berrikusi beharra aldarrikatzea guztiz erradikala da.

Bada garaia gurean ere aldaketari bide eman diezaiogun, Nafarroan hasita erregimenarekin amaitzeko aukera dugu, herritarron burujabetza defendatu eta hemen erabaki dezagun.

No hay comentarios:

Publicar un comentario