Iñaki Odriozola
Estatu esklabistak baino lehen, tribuak oinarrizko
egiturak zirenean, liskarrak euren artean konpontzen zituzten. Egindakoaren
ondorioen neurririk ez zegoenez, ordainketa ohitura desberdinak eraiki ziren.
Geroago, botereak zentralizatu zirenean, arautzeari ekin zioten, menpekoen
beldurra eta kontrol soziala irabazte aldera, bide batez.
Hammurabi-ren Kodea da ezagutzen den legedi zaharrena. Oinarria Talioaren legea da, hau da, begia begi truk. Araudi honen izaera bortitza ulergarria da, botere absolutu zapaltzaileen logikan, bai eskubiderik gabeko, eta betebeharrez betetako, esklaboen jendarteetan.
Lehen liberalek, ilustrazioan, gizabanakoaren
askatasuna eta berdintasuna aldarrikatu zutenean, Talioaren legearen
eraginkortasun eskasaz ere ohartu ziren: ez zuen balio delituak gutxitzeko,
sufrimendua areagotzen zuen, eta boterearen gehiegikeriak ezkutarazten.
Hiritarren eskubideak onartu ziren, eta estatuak,
botere zapaltzailea urrituz, haiek babestu beharra izan zuen. Kontratu soziala
apurtzen zutenei, heriotza-zigorra edo bizi arteko kartzela ezartzea
gehiegizkoa zela pentsatu zen, penatuarentzat krudelkeria, eta jendartearentzat
jasangaitza. Egindakoa larria izanik ere, hiritar orok birgizarteratzeko
eskubidea izan behar zuen, estatuaren ardurapean.
Estatua botere
absolutua berreskuratzen ari da, eta zenbait jende alde dago
Nik uste, azken aldian, atzera egiten ari garela, eta
nabarmen (ez naiz Parot doktrinari buruz ari zehazki, disidentzia
politikoarena larriagoa baita). Oro har, kartzelak presoa izorratzeko eta
menperatzeko dira; lege aldaketak, zigorrak gogortzeko; eta lehen 30 urte bazen
azken muga, gero 40 ezarri zuten. Orain, bizi arteko kartzela zigorra ezarri
nahi dute. Aztoratuenak (ikusi ditut Madrilen oihuka), berriz ere,
heriotza-zigorra eskatzen.
Estatua botere absolutua berreskuratzen ari da, eta
zenbait jende alde dago. Hiritartasun zentzua galtzen goaz, eta menpeko
zoriontsu bihurtzen ari gara, aldamenekoaren salatzaile, auzokoaren jazarle,
Anaia Handiaren begiradapean. Talionaren legea berriro ezartzeko, biktimen
mendeku gogoa erabiltzen dute, komunikabideetan intelektual morroiek alarma
soziala sortzen duten artean.
Ni, neu, ez nago ados. Gizabanakoarentzat 20 urtetik
gora kartzelan egotea izugarria da, benetan, gizatasunaren aurkakoa, eta 30etik
gorakoa mendeku-zaletasunetik bakarrik ulertu ahal da, hots, ez da eraginkorra,
eta sufrimendua areagotzen du.
Baina estatua, guztiona bada, ezin da mendekuaren
aldekoa izan, eskubideen aldekoa baizik. Ilustratuek asmatu zuten ipuin
sinestezin hori. Eta guk sinetsi.
No hay comentarios:
Publicar un comentario